MOEVE GASOLINDEGIAK GIPUZKOA

Greba bertan behera utzi du batzordeak

Greba bertan behera utzi du batzordeak
Gipuzkoako Moeve gasolindegietako Enpresa Batzordeak urriaren 27tik abenduaren 23ra iragarrita dituen greba egunak bertan behera uztea erabaki du. ELA eta LAB sindikatuek osatzen dute Enpresa Batzordea eta ahobatezko erabakia izan da greba egunak bertan behera uztea. Iragarpen horren arrazoia bat eta bakarra da: konpainiak, CCOO sindikatua baliatuta, edozein negoziazio aukera zapuztu du hauteskunde sindikalak egiteko aurreabisua Lan Delegaritzan erregistratu baitu.

 Ez da lehen aldia Kapitalak langile kolektiboaren aurka CCOO sindikatua baliatu duena. Izan ere, uztail erdialdean negoziazioak bertan behera uzteko saiakera egin zuen. Orduan, Moevek eta CCOOk Enpresa Batzordeari leporatu zioten CCOOren negoziazio eskubidea urratzen ari zela. Ordea, Enpresa Batzordeak gerora frogatu ahal izan zuen bezala, CCOOri ez zion negoziazio eskubiderik urratu CCOOk ez zuelako ordezkaririk enpresa batzordean.

 Hori gutxi ez eta, gainera, gogoratu beharra dago AEGAk, sektoreko patronalak, CCOO erosi eta CCOOk zerbitzuguneen sektoreko langileak saldu zituela duela hilabete. Izan ere, CCOOk sektorean %20,73ko ordezkaritzarekin, eragin mugatuko akordioa erdietsi zuen sektorearen gehiengo zabalak zuen borrokatzeko grina pikutara bidalita.

 Bada, orain, ekintza antisindikalak baliatuta, berriz ere heldu da CCOO Moevera. Ordezkaritzarik eta inolako legitimitaterik gabe, enpresarekin hauteskundeak egitea iragarri eta oraindik indarrean dagoen Enpresa Batzordea, eta berau babesten duten langile kolektiboa, berriz ere traizionatu dituzte.

 Tamalgarria da, zinez, bere burua langile klasearen eskubideen defentsaren alde kokatzen duen sindikatu batek Kapitalarekin konfrontazioa bilatu beharrean, azken horren mesedetan ari dela ikustea. Are gehiago aintzat hartuta hori guztia etekin partidistak ateratzeko egiten dituela jakinda.

Gipuzkoako Moeveko langileei negoziazioaren ateak itxi badizkiete ere, ELAk eta LABek osatzen duten Enpresa Batzordeak argi du hauteskundeak egiterakoan euren ordezkaritza indartuko dutela eta, Konpainiak eta CCOOk langile kolektiboa berriz ere zangotrabatu badu ere, hauteskundeak igarota, Moeveko langileek indar gehiagorekin ekingo diotela berriz enpresa paktu duina konfrontazioaren bidez negoziatzeari.