Greba Bizkaiko Ehungintza, Larrugintza eta Oinetakoen sektorean

2022/04/25
ELAk, LABek eta ESK-k grebara deitu dute apirilaren 29rako eta maiatzaren 6 eta 13rako Bizkaiko ehungintza, larrugintza eta oinetakoen sektorean, Cecobi eta Bizkaidendak patronalek hitzarmenaren negoziazioak blokeatu dituztelako. Ehungintzako, larrugintzako eta oinetakogintzako hitzarmenak berritu gabe daude 2015, 2018 eta 2007tik, hurrenez hurren. Negoziaketak erraztu beharrean, patronalek elementu atzerakorrak planteatzen dituzte, hala nola igande eta jaiegunetan irekitzea. Espainiako Estatuan irekiera hori gertatu ez den eremu bakarra dela alegatu dute, eta alde batera utzi dute sindikatuen garaipena izan dela, bizitza pertsonala eta lana uztartzeko mobilizazio garrantzitsuen fruitua. Sindikatuek gogorarazi dute pandemia aitzakia gisa erabiltzen ari dela hitzarmenen negoziazioa are gehiago atzeratzeko eta ez berritzeak dakarren soldata debaluazioaz aprobetxatzeko, enpresen etekinen mesedetan.

Sindikatuek gogorarazi dute enpresa mozkinak gero eta handiagoak direla, merkataritzaren digitalizazioagatik. Izan ere, online salmentek enpleguak eta lan eskubideak galtzea eragin dute: funtsezko aldaketak, mugikortasun funtzionalak, gehiegizko lan karga, kontziliazio neurririk eza, eta Enplegu-Erregulazioko Espediente ugari eta banakako kaleratzeak. Urtarrilaren 5etik aurrera egindako mobilizazioen jarraipena da greba deialdi hau.

Aldarrikapen nagusiak honako hauek dira:

  • KPIaren gaineko soldata igoerak, aurreko urteetako atzerapenak ordainduta.
  • Lanaldi partzialeko kontratuetarako lanaldia finkatzea.
  • Lanaldi murrizketa, enplegua babesteko neurri gisa transformazio digitaleko prozesuak gauzatzen dituzten enpresentzat. Zenbat eta salmenta digital handiagoa, orduan eta lanaldi txikiagoa.
  • Digitalizazioari lotutako kategoria berriak arautzea: bezeroarentzako arreta, paketeriaren banaketa eta prestaketa...
  • Digitalizazioarekin lotutako zereginei lotutako plusak.
  • Bizkaiko probintzia eremuko zentroetan berdintasun-plan bat izateko betebeharra, genero-diskriminazioarekin amaitzeko neurriak barne hartuta.

Greba bezperan, apirilaren 29an, langileek piketeak egingo dituzte hainbat merkataritza gunetako sarreran. Ondoren, 12:00etan manifestazioa egingo dute Bilboko Arriaga plazatik Confebasken egoitzaraino.