Gipuzkoako Diario Vasco

Greba deitu dute ekainaren 19, 20 eta 21ean

2024/06/04
Gipuzkoako El Diario Vasco egunkariko langileek hiru greba egun deitu dituzten ekainaren 19, 20 eta 21ean, hitzarmen kolektiboaren negoziazioetan ez delako aurrerapauso nabarmenik eman. Zehazki, langileen batzarrean 55 aldeko boto, kontrako 7 eta 2 boto zuri izan ziren, hau da, bertaratutakoen % 86ren babesa jaso du deialdiak.

 Era berean, greba sinadura egiten ari dira DVko langileek maiatzaren 30az geroztik. Horrek esan nahi du ez dituztela idazkiak sinatzen.

Grebaren atariko, ostegunean, ekainaren 13an, kontzentrazioa egingo dute egunkariaren egoitzaren atarian, administrazio kontseiluaren bilera egingo baita. Elkarretaratze horrek segida emango dio astelehenero egiten ari diren #astelehenbeltzak ekimenari, hau da, beltzez janzten dira langileak protesta gisa.

2023ko abenduaren 31n iraungi zen hitzarmena. ELAk, bederatzi delegaturekin, plataforma aurkeztu dio zuzendaritzari honako eskaerekin: soldatak KPIaren arabera eguneratzea, soldata eskala bikoitzak kentzea eta lanaldi murrizketa.

Hamabi urteotan taula altuetan soldatak izozteko joerarekin amaitu nahi da, eta taula baxuenek erosteko ahalmena galdu dutenez, egoera hori irauli. Sociedad Vascongada de Publicaciones elkarteak (Diario Vascoren jabeak) urtero milioi askoko irabaziak pilatu baititu eta akziodunei dibidendu oso handiak banatu.