ANBULANTZIAK

Greba deitu dute urriaren 9, 10 eta 11n

2023/09/21
ELAk, LSBk, USOk, LABek, UGTk, CCOOk eta ESK sindikatuek hiru greba egun deitu dituzte EAEko anbulantzien sektorean urriaren 9, 10 eta 11rako, patronalak blokeatuta duelako hitzarmen autonomiko berriaren negoziazioa. Negoziazio mahaiaren 25 bileretan, urte eta erdi baino gehiagoz, sindikatuak saiatu dira negoziatzen osasun garraioaren baldintzak Osakidetzako langileen baldintzekin parekatzea, erosahalmenari eustea eta hitzartutakoa betetzea. Hala ere, patronalak uko egin die sindikatuen aldarrikapenei. Hori guztia, nahiz eta finantzazioa % 30 handitu dioten enpresari lehiaketa berri honetan. Langileek, ordea, erosahalmena galtzen jarraitzen dute, % 12 inguru bi ekitalditan soilik. Gauzak horrela, inplikazioa eskatu diote Eusko Jaurlaritzari. Greba egunez gain, bi elkarretaratze deitu dituzte: lehena, irailaren 29an, Bilboko LHKn; eta bigarrena, urriaren 5ean, Eusko Legebiltzarraren aurrean.

Sindikatuek gogorarazi dute enpresek lehiaketa publikoetatik ez ezik, lehiaketa pribatuetatik ere jasotzen dutela finantzazioa (futbol partidak, jai herrikoiak, kontzertuak...), non baldintza agirietara atxikitako langileak erabiltzen dituzten lehiaketa horietan zerbitzua emateko. "Legez kanpoko praktika da, hitzarmenak jasotzen baitu aparteko orduak txanda aldaketan pertsona bat eta bestea gainjartzeko baino ez direla erabiliko", azaldu dute.