Gipuzkoako Ehungintza merkataritzan greba patronalaren atzerapausoak salatzeko

2022/12/16
Gipuzkoako ehungintzako merkataritzako langileak greba egiten ari dira hitzarmen kolektiboaren egoera salatzeko. Izan ere, egoera larria bizi du sektoreak: feminizatuta dago, langileek gehiegizko partzialtasuna pairatzen dute; digitalizazio prozesuen ondorioz dendak ixten eta langileak kaleratzen ari dira; ez dago promoziorako aukerarik; eta gero eta funtzio eta lan karga handiagoak dituzte. Hurrengo greba egunak abenduaren 22an eta 23an izango dira. ELAk ez du baztertzen greba egun gehiago deitzea eta mobilizazioak indartzea.

Izan ere, atzerapausoak eman ditu patronalak. Hain zuzen ere, abenduaren 15eko negoziazio mahaiaren bileran, ELAk proposamen berri bat aurkeztu zuen akordio batera iristeko. Merkataritza Federazioak eta Adegi patronalek, biek ala biek, puntu batzuk onartu eta beste batzuk aztertzeko beharra azaldu bazuten ere, bi patronalek orain arteko hobekuntzak ezabatzeko proposamen bat aurkeztu zuten; besteak beste, igande eta jaiegunetako atsedenaldia, online plusa eta larunbat arratsalde eta larunbat santuko ordainsaria galduko lukete langileek.

Horren aurrean, grebalariek euren haserrea azaldu nahi izan dute goizean goizetik Donostia inguruan egin dituzten pikeetan. Greba egunarekin baikor, mobilizazioak indartzearen alde azaldu da ELA.