Greba mugagabea Bilboko Barceló eta NH hoteletako garbitasun zerbitzuetan

2018/10/30
Barceló eta NH hoteletako garbitasun zerbitzuetako langileek greba mugagabea egingo dute azaroaren bitik aurrera. Enpresa gehienak dagoeneko Bizkaiko ostalaritzako hitzarmena ari dira aplikatzen. Baina Constant taldeak, estatu mailan esplotazioan aitzindari denak, halakorik beteko ez duela erabaki du.

ELAk aspaldidanik salatu izan du Bilboko hoteletako gelak garbitzen dituzten langileek pairatzen duten lan prekarioa. Hotelek oinarrizko jarduera hau enpresa piraten esku uzten dute, eta hauek pertsonak esplotatuz etekinak lortzen dituzte. Garbitzaile hauek gelako 2,5 euro jasotzen du; horregatik, amaigabeko lanorduak sartu behar dituzte hilaren amaieran 800 euroko soldata etxera eraman ahal izateko.

ELAren borroka Bizkaiko Ostalaritzako azken hitzarmenean izan da enpresa horiek derrigortzea langile hauek subroga ditzaten, eta ostalaritzako baldintzak aplika diezaizkieten, ez egungo miseria eta esklabotasun egoera.

Enpresa gehienak dagoeneko Bizkaiko ostalaritzako hitzarmena ari dira aplikatzen. Baina Constant taldeak, estatu mailan esplotazioan aitzindari denak, erabaki du ez duela halakorik beteko. Zehazki, enpresa honek Bilboko NHko eta Barceló taldearen Nervion hoteleko garbitzaileak ditu bere ardurapean. Soldatak miserableak izateaz gainera, lan-kargak gehiegizkoak dira, abusuzko ratioekin, kontratu prekarioekin eta iruzurrezko kontratuekin. Horregatik, langileok greba deitzea erabaki dute lan-baldintzak hobetzea eta kontratuak erregularizatzea aldarrikatzeko. Gainera, egoeraren berri eman zaio Lan Zuzendaritzari; honek iruzurrezko kontratuen kasuan esku hartu beharko luke.

Halaber, ELA harremanetan jarri da NH eta Barceló hoteletako zuzendaritzarekin, dagokien ardura beren gain har dezaten: honelako enpresak kontratatuz gero, gutxieneko etiko batzuk bete ditzatela; ezin dute onartu beren enpresan esplotazioa eta esklabotasun egoerak gertatzea.

Gure agintarien jarrera ere salagarria da: Bilbo hiri moderno gisa saltzen dute, nazioarteko ekitaldien eskenatoki (rugbyko finala, MTV sariak…), baina bitartean ezikusiarena egiten dute ekitaldi horien inguruan langileen miseria hedatzen delarik. Diru publikoa bideratzen dute etekin pribatuak eta esplotazio egoerak sortuko dituzten ekitaldi pribatu hauek antolatzeko.