INNPALA
Greba mugagabea hasi dute palistek, ELAk deituta

Azken negoziazioetan Innpalak egindako proposamenak eskasak izan dira. Apirilaren 24an izan zen azken bilera, sindikatuaren ordezkaritzarik gabe eta publiko egin gabe, enpresak eskatuta. Hau zen Innpalak eskatzen zuena:
- Enpresaren aurka jarritako demanda guztiak kentzea
- Apirilaren 29an greba amaitutzat ematea
- Pilotarien eta enpresaren arteko elkarrizketarako esparru bat onartzea kanpoko agenterik gabe (elkartea).
- Enpresak bere pilotariak modu indibidualean eta kirol irizpideen arabera kontratatzeko duen eskubidea onartzea (beti egin ahal izan duten moduan)
Horiek onartuz gero, Ibai Perez, Esteban Gaubeka eta Iker Gordon pilotariei maiatzaren 1etik abenduaren 31ra arteko kontratu proposamena egiteko konpromisoa hartu zuten enpresak. Palistek ez zuten proposamena onartu. Bileratik irten eta gutxira, mezu bat jaso zuten, asteartean partidua zutela jakinaraziz. Horren bidez, enpresak argi utzi zuen akordiorik lortu gabe, frontoietara itzultzera behartzeko asmoa zuela.
“Partiduak jartzen dizkigute greba egitea galarazteko, eta horrela jokatzera behartzen gaituzte akordiorik lortu gabe, eta gure lanekin bateraezinak diren ordutegietan entrenamenduak eginez”, salatu dute palistek. “Enpresak mesede tratuak ditu pilotarietako batekiko (Dan Necol), enpresaren jabeetako bat. Gezurra esaten digute eta gero konfiantza eskatzen digute”, kritikatu dute prentsaurrekoan.
Enpresaren jarrera eta Bizkaiko foru Aldundiaren konplizitatea salatu dute palistek. Bizkaia Open konpetizioa urtero jokatu duten konpetizioa izan dela gogorarazi dute, Diputazioa babesle nagusi izanda. Aurten, greban daudenez Innpala enpresak konpetizio hori jokatzeko langile berriak kontratatu nahi dituela iragarri du, ilegala den zerbait. ELAk salatu du administrazio publikoak eta baita enpresak ere grebaren eta grebalarien aurka egin dutela, kasu honetan, langileak ilegalki ordezkatuz eta grebarako eskubidea urratuz, bide juridikotik salatuko dutena.
Gauzak horrela, palistak negoziatzeko prest jarraitzen dute. Bien bitartean, greba mugagabea hasiko dute, hiru pilotarien kontratua berritzea, lan baldintzak hobetzea eta lanbidea duintzea lortzeko bidean, hitzarmen kolektibo bat sinatu arte.