Greba mugagabean diren Douglaseko langileek kontzentrazioa egin dute Bilbon

2022/04/05
Douglaseko dendetan egindako kaleratze kolektiboaren negoziazio aldiaren erdian, Bizkaiko langileek -martxoaren 17tik greban- elkarretaratzea egin dute Bilboko Ercillako dendaren aurrean, dendetako kaleratze eta itxierak arbuiatzeko eta langileen lan baldintzak hemen negoziatzea eskatzeko. Langileek tinko baztertu dute multinazional alemaniarrak proposatutako EEEa, konpainiaren digitalizazio prozesu batean oinarrituta dagoena. Izan ere, ELAk argi dauka EEEaren helburua etekinak maximizatzea eta Espainiako Estatu osoan ehunka langile -gehienak emakumeak- kaleratzea dela. Gainera, Douglasek bere lan baldintzak okertu nahi dizkie plantillan mantenduko dituen langileei. ELA kezkatuta dago, aurreko enplegu-erregulazioko espedienteetan egiaztatu ahal izan denez, Madrilgo negoziazioetan estatuko sindikatuekin erdiesten diren akordioetan kaleratze kolektiboaonartu ohi delako. Horregatik, ELAk Estatuko sindikatuei eskatu die argi eta garbi ager daitezela Enplegu-Erregulazioko Espedientearen aurka, eta ez dezatela inolaz ere babestu.

Era berean, multinazionalak langileen grebarako eskubidea urratu du eta ELAk dagoeneko hainbat salaketa aurkeztu ditu Lan Ikuskaritzan. Bitartean, ELA lanean ari da, bai kalean, bai Enplegu-Erregulazioko Espedientearen negoziazio mahaian, langileen aurkako edozein erasoren aurka.

Greban dauden langileek borrokan jarraitzen dute, eta egunero biltzen dira Douglasek Bizkaian dituen denden aurrean.