EHUNGINTZA ETA OINETAKOEN MERKATARITZA

Greba urriaren 25ean hitzarmen probintzialen alde

2023/10/10
ARTE patronal berriak sektorearen lan baldintzak estatu mailan bateratzea planteatzen du, eta urriaren 25ean du hurrengo negoziazio bilera.

Kate handietarako ehungintzaren eta oinetakoen merkataritzaren hitzarmen berria negoziatzeko mahaia eratu zen uztailean, ARTE patronalak bultzatuta, estatu mailako lan baldintzak homogeneizatzeko helburuarekin. EAEko eta Nafarroako sektoreko langileei eragiten dieten baldintzak hemen negoziatzeko gaitasunaren aurkako eraso horren aurrean, ELAk grebara deitu ditu hitzarmen probintzialen alde urriaren 25erako.

EAEko eta Nafarroako errealitatea Estatu mailakoaren oso bestelakoa da. Bietan negoziazio kolektibo aktiboa bizi dugu, Gipuzkoako eta Bizkaiko hitzarmen probintzialak 2026ra arte daude indarrean, eta Araban eta Nafarroan negoziazio fasean daude. Lan baldintzak Estatuko gainerako lurraldeetakoak baino hobeak dira, azken urteetako borrokari esker: igande eta jaiegunetan edo udako larunbat arratsaldeetan ixtea, 2023rako saltzaile kategorian 24.000 €-ra iristen diren soldatak, KPIari lotutako igoerak, online plusa, etab.

Gainera, gogorarazi nahi dugu 2016. urtean sindikatu guztiok merkataritzako esparru-akordio bat sinatu genuela, eta 2017. urtean, berriz, lanbide arteko akordio bat, hitzarmen probintzialei Estatukoei baino lehentasun handiagoa ematen diena. Akordio horiek ELAk eta LABek sinatu zituzten, baina baita CCOOk eta UGTk ere. Azken horiek sektorearen negoziazioa estatalizatzearen alde egin dute gaur egun.

ARTE patronal berri hau 2022ko azaroan sortu zen eta bere bultzatzaile nagusiak Inditex, H&M, Primark, JD, Sprinter izan ziren. Geroago ehungintzako merkataritza sektoreko hainbat enpresa batu dira, hala nola Mango, bimba eta Lola, kiabi, Parfois, Pepco, Punt Roma, Pepe Jeans, Parfois, etab.