MERKAL CALZADOS GIPUZKOA
Greban dauden langileek elkarretaratzea egingo dute Eibarren, hitzarmen duina lortzeko

Urte hasieran abiatutako negoziazio kolektiboa ez atzera ez aurrera jarraitzen du, ELAren ustez enpresak egiten dituen proposamenak onartezinak direlako. Gatazka hasi zenetik, hitzarmen kolektibo duina lortzea izan da helburu nagusia. Aldarrikapen nagusietako bat antzinatasun-plusa ezartzea da. Plus hori konpentsazio ekonomikoa izateaz gain, ibilbide profesionala, ahalegina eta esperientzia aitortzea ere bada, eta enpresak ez du hori aintzat hartu nahi izan orain arte. Gainera, atsedenerako eskubidea bermatzeko ordutegietan legezko gutxienekoak jasotzeko eskatu dute, orain arte urratu egin baita eskubide hori. Era berean, ez dago aurrerapenik lanaldia murrizteko eskaerari dagokionez.
Horregatik guztiagatik, greba mugagabeak aurrera jarraitzen du baldintza duinak lortu arte. Abenduaren 19an, ostegunean, plantilak elkarretaratzea egingo du Eibarren, eguerdiko 12:00etan, Untzaga Plazan.