BIZKAIKO OSTALARITZA

Grebaren lehen egunaren balorazio positiboa egin dute sindikatuek

2023/06/29
Bizkaiko Ostalaritzako grebaren jarraipena oso garrantzitsua izan da, batez ere hoteletan; izan ere, horietako batzuetan langileen ia %100ak egin du bat grebarekin. Ondorioz, Tourrera hurbildu diren turista edo talde askok alternatibak bilatu behar izan dituzte. Hori gertatu zaio, adibidez, Soudal Quick Step taldeari. Deialdia egin duten sindikatuek (ELA, LAB, CCOO eta UGT) oso balorazio positiboa egin dute grebaren lehen egunaz, eta biharko, ekainaren 30erako, bigarren greba egunean deitutako mobilizazioetan parte hartzeko deia egin dute.

Sektoreko langileek euren lan baldintzak salatu dituzte, eta, aldi berean, patronalaren jarrera salatu dute, azken bileratik, otsailetik, ez baitute negoziatu nahi izan. Horregatik, uste dute egoera horri buelta emateko modu bakarra greba dela.

Bihar, ekainak 30, 10:00etan, elkarretaratzea izango da Bilboko Domine hotelaren ondoan (Mazarredo zumarkaleko 61. zenbakia).