Guggenheimeko garbiketako greba uztailaren 15era arte luzatuko da

Bilboko Guggenheim Museoko garbitzaileek greban jarraituko dute, soldata-arrakala ezabatzea eta lan-baldintzak hobetzea lortzeko. Izan ere, garbiketa-zerbitzua 20 urte baino gehiagoz eman ondoren, soldatek ez dute uzten hilaren amaierara iristen, eta kontratazioaren partzialtasunak eta lan-karga onartezinek nabarmen okertzen dituzte lan-baldintzak.
Museoak zein Ferrovial enpresak (zerbitzu horren esleipenduna) ez dute aitortu nahi soldata-arrakala badagoela eta mespretxuz eta klasismoz tratatzen dituzte langileak. Hori dela eta, ekainaren 11n deitutako greba uztailaren 15era arte luzatzea erabaki dute
Era berean, grebarako eskubidea urratzen ari da, grebalariak ordezkatuz. Ferrovial Servicios enpresa greban dauden langileei dagozkien barrualdeko eremuak garbitzen ari da. Guggenheim Museoa, Bilboko Udalarekin batera, udalaren makineria propioa erabiltzen ari da greban dauden langileei dagozkien kanpoko lanak egiteko. ELAk egoera salatu du Lan Ikuskaritzan, eta erabakiaren zain dago.
"Argi dago erakunde publikoentzat (Bilboko Udala, Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Aldundia), Guggenheim Museoaren Patronatuarentzat eta Ferrovial Servicios enpresarentzat garbiketa-plantilla osatzen duten 19 pertsonak hutsalak direla, edozein zerbitzu publikotan azpikontratatutako langile guztiekin gertatzen den bezala", deitoratu dute.
Sindikatuaren ustez, Guggenheim Museoak eredu izan behar du berdintasuna lortzeko, soldata-arrakala kenduz eta kolektibo horrentzako lan-hobekuntzak aitortuz.
Guggenheim Museoko garbitzaileek 19 egun daramatzate greban. Lehenengo deialdia ekainaren 11tik 21era izan zen; bigarrena ekainaren 23tik uztailaren 15era izango da, eta jarraipena ia erabatekoa izaten ari da: 18 langileetatik 15 greba egiten ari dira.