Guggenheim Museoko greba eskubidearen urraketen epaiketa egin da

2021/11/09
Azaroaren 9a 150. greba eguna dute museoko garbikuntzako langileek, eta kontzentrazioa egin dute epaitegietan, negoziaziorik gabe jarraitzen baitute.

Guggenheim museoko garbikuntzako langileen greba eskubidea urratzeagatik epaiketa egin da Bilbon, ELA sindikatuaren salaketa dela eta. Izan ere, ekainean greba hasi zenetik, museoko zuzendaritzak zein patronatuko kide diren erakunde publikoek hainbatean urratu dituzte langileen eskubideak. Esaterako, udan grebalarien lanpostuak beste langileekin ordezkatu zituzten, legez kanpo, eta Bilboko Udala museoko zabalgunea garbitzen hasi zen kale garbitzaileekin, ordura arte museoko grebalarien zeregina izan arren.

Urraketa horiek eta gehiago salatu dituzte epaiketan ELAko zerbitzu juridikoen eskutik, eta orain epaiaren zain geratu dira. Gainera, Bilboko epaitegien aurrean kontzentrazioa egin dute ordezkariek, egoera salatzeko eta benetako negoziazio baten alde. Gaur 150. greba eguna baitute, eta garbitzaileek sufritzen duten soldata arrakala eta baldintza eskasak gainditzeko zuzendaritzaren proposamenik gabe jarraitzen dute langileek. Horregatik, museoko buruei zein azpikontratatutako enpresari eskatu diote mahaiaren bueltan eseri daitezela eta arazoari konponbidea emateko edukiak mahaigaineratu ditzatela.

Bien bitartean, mobilizazioekin eta grebarekin jarraituko dute.