UBER (BIZKAIA)

Hiru greba egun arrakastatsu

2024/04/04
UBER enpresako Bizkaiko langileek greba egin dute apirilaren 2, 3 eta 4ean. Grebalariek hiru greba egunen balorazioa positiboa egin dute. ELAk deituta, jarraipen zabala izan du, eta zerbitzuan eragina agerikoa izan da. Hori dela eta, ez dute baztertzen mobilizazio gehiago deitzea enpresak jarrera aldatu ezean.

Bizkaiko UBER zerbitzuko 80 langile zeuden grebara deituta. Oso lan baldintza kaskarrak dituzte: lanbidearteko gutxieneko soldata doi-doi jasotzen dute, lanorduen kontaketa ez da erreala, eta atsedenak eta oporrak aplikazioak ezartzen dizkie, besteak beste. Hori dela eta, enpresarekin hainbat bilera egin dituzte, eta enpresa hitzarmena berritu behar dutenez, oinarrizko hobekuntza horiek eskatu dizkiote.

Hain zuzen ere, honako hauek dira langileen aldarrikapenak:

  • Soldata hobetzea.
  • Lanaldia benetako lanorduetan zenbatzea.
  • Oporrak behar dutenaren arabera eskatu ahal izatea.
  • Ibilgailuetan segurtasun handiagoa.
  • Autoak enpresaren instalazioetan aparkatu ahal izatea.
  • Gaueko eta jaiegunetako plusak.
  • Grebaren arrakasta ikusita, langileek uste dute enpresak jarrera aldatu behar duela, eta Bizkaiko langileen kudeaketa birplanteatu. Hori dela eta, hitzarmen kolektiboaren negoziazioetarako lehen proposamena aurkez dezala eskatu dio enpresari ELAk. Bestela, mobilizazioekin jarraituko dute langileek.