Hiru greba egun Osakidetzako azpikontratetan

Langileek bizi duten egoera salatu nahi dute: ez dagoela langile nahikorik; lanpostu hutsak edota aldi baterako ezintasun zein oporrak ez direla ordezkatzen; ez dagoela segurtasun-neurririk; eta, kolektibo batzuetan, soldata-baldintza eskasak daudela. Egiturazko defizit hori areagotu egiten da bizi dugun pandemia egoeran.
Langileek Osakidetzari eta Eusko Jaurlaritzari eskatzen diete beren erantzukizuna har ditzatela; atzera egin dezatela zerbitzu horiek pribatizatzeko erabakietan, eta zuzenean har ditzatela beren gain, egungo lanpostuei eutsiz eta plantillak handituz, baldintza ekonomiko eta sozialak homologatuz; eta, gainera, alboratu ditzatela beren onura maximizatzen duten enpresa bitartekariak, lan-baldintzak prekarizatu eta herritarren osasuna bezalako oinarrizko zerbitzua hondatzen dabiltzalako.
Egoera larri honen aurrean, greba-deialdietan zein eta aurreko egunetan lantokietan egingo diren kontzentrazioetan parte hartzera deitzen dute sindikatuek. Elkarretaratze horiek urriaren 28an egingo dira Gipuzkoan eta Bizkaian; azaroaren 4an Araban eta Bizkaian, eta azaroaren 11n Gipuzkoan eta Araban.