GIPUZKOAKO GARBITZAILEAK
Hitzarmen duin bat negoziatzea exijitu dute

Gipuzkoako garbitzaileaek bost urte daramatzate hitzarmenik gabe, eta dagoeneko %15eko erosahalmena galdu dute. Baldintza eskasetan lan egiten dute, % 80k baino gehiagok lanaldi partzialak dituzte; 1.000 euro gordin baino gutxiagoko soldatara kondenatzen dituztenak. Soldata-arrakala handituz joan da azken urteotan % 40,46ra iritsi arte. KPIaren araberako igoerak ez dira inoiz erreferentzia baliagarria izan patronalarentzat garbiketaren sektorean.
Negoziazio-mahaiaren blokeoaren eta Aspel patronalak proposatzen duen baldintzen okertzearen aurrean, 600 langile baino gehiagorekin antolatu dira sektorean, 50 batzar baino gehiago eginez,eta hamar negoziazio-eremu berri ireki dituzte erosahalmena bermatuko duen eta prekarietatearekin amaituko duen hitzarmen duin bat lortzeko.
Datozen hilabeteetan bilerak eskatuko dituzte garbiketa-zerbitzuetako enpresa eta bezero nagusiekin, erantzukizunak bere gain har ditzaten. Bezero horietako asko udalak dira, eta benetako politikak eskatzen dizkiete sektore feminizatuetako soldata-arrakalari eta prekarietateari aurre egiteko. Eraikinen eta lokalen garbiketa erabat feminizatuta dagoen sektorea da, langileen %90 baino gehiago emakumeak dira.