BANKA

Hitzarmenaren negoziazioan patronalaren jarrera salatzeko kontzentrazioak

2024/02/05
ELAko ordezkariek elkarretaratzea egin dute hainbat finantza-erakunderen aurrean, AEB patronalak bankuen hitzarmenaren negoziazioan duen jarrera salatzeko. Langileek erosahalmena berreskuratzea bermatuko duen hitzarmen bat eskatzen dute. Sektoreko azken hitzarmenek eskubideen galera eta lan baldintzen okertzea eragin dute; langileek egoera hori irauli nahi dute.

Azken egunotan publiko egin dira banku ezberdinek 2023an izan zituzten mozkin izugarriak: BBVA. 8.019 milioi euro; Santander 11.076 milioi, Sabadell 1.332 milioi... Hau da, bankuek azken urteetan izan dituzten onura izugarriak gainditu dituzte berriro ere. Bien bitartean, sektoreko hitzarmen kolektiboaren berritzea negoziatzen ari dira. Bankuek milaka milioi irabazten dituzten bitartean, AEB patronalak KPIa bermatzen ez duen eta azken urteotako erosahalmenaren galera konpentsatzen ez duen soldata igoera proposatu du. Zehazki, patronalaren azken eskaintza da soldatak %2,25 igotzea 2024an eta 2025ean, eta %1,25 2026an eta 2027an. Gainera, hirurtekoak kentzea proposatu du, negoziazio hauetan aldarrikapen historikoa, eta mugikortasuna 25 kilometrotik 50era zabaltzea.

Otsailaren 6an beste negoziazio bilera bat dago. Hala ere, ELAk ez du espero patronalak orain arteko eskaintza eskasa hobetuko duenik. Hori dela eta, ELAk hiru erakunde horien bulegoen aurrean kontzentrazioak egitea erabaki du, plantillen ondoeza eta haserrea adierazteko. Negoziazioak bide beretik jarraitzen badu, greba deialdia egingo da sektorean, eta greba otsailaren amaieran egingo da.