IMQk helegitea jarri du garbitzaileen kaleratze kolektiboa baliogabetu zuen EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren epaiaren aurka

IMQk garbitzaileak berriro euren lanpostuetan ez onartzea guztiz deitoragarria da ELArentzat. EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak ebatzi zuen langileak kaleratuak izan zirela urteetan egindako jarduera sindikal eta juridikoarengatik, eta, ondorioz, IMQ kondenatu zuen ELA sindikatuari 40.000 euroko kalte ordaina ematera eta langileak berriro onartzera, bakoitzari ere 1.000 eurokoa kalte ordaina egotzita. Hala ere, IMQk erabaki du epaiaren aurkako errekurtsoa jartzea.
IMQko zuzendaritzaren erabakia guztiz arduragabea da. Epaiaren ondorioz, langile horiei gizarte segurantzan alta eman behar die, baina ez die lantokira itzultzen utziko, ez dielako lanik ematen. Agerian uzten du horrek zuzendaritzak ez duela inolako asmorik jarrera aldatu eta garbitzaileen oinarrizko eskubideak errespetatzeko; etxean izango ditu helegitea ebatzi arte, euren eskubideak defendatzeagatik zigor gisa.
Are gehiago, zuzendaritzaren jarrera horrek langileen gastua bikoiztea dakar, garbitzaile horiek kaleratu zituenean beste garbitzaile talde bat kontratatu zuelako IMQk.
Argi dago IMQk nahiago duela zerbitzu horren kostua bikoiztea epaia betetzea baino. EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak langileak kaleratu aurreko baldintza berberetan berriz onartzera kondenatu zuen IMQ, baina helegitearekin langileak zigortu eta zatikatu nahi dituela erakutsi du osasun erakundeak.
ELAk garbitzaile horien lanpostuak berreskuratzeko borrokan jarraituko du, orain arte egin duten bezala, pairatzen duten soldata arrakala desagerraraztea inoiz baino aldarri garrantzitsuagoa baita.