IMQko garbiketako 89 langileen kaleratze kolektiboaren inguruko epaiketa egin da

2022/02/22
Otsailaren 22an epaiketa egin da IMQk Bilboko Virgen Blanca eta Zorrazaurren dituen garbiketako 89 langileen kaleratze kolektiboagatik. ELAk eskatu du IMQk langile horien oinarrizko eskubideak urratu dituela, haien eskubideak defendatzeagatik eta soldata-arrakala salatzeagatik kanporatu baitituzte. Garbiketaren sektoreko ehunka langile Epaitegiaren aurrean bildu dira kaleratutako langile horiei babesa adierazteko.

52 egun bete dira IMQ klinikak Bilboko Zorrozaurre eta Virgen Blanca kliniketako garbitzaile guztiak, 89 langile, kaleratzea erabaki zuenetik. Langile gehienak 10, 15, 20 eta 40 urte zeramatzaten zentro berean lanean, eta horietako batzuk klinikak berak zuzenean kontratatutako ziren. Ondoren, zerbitzua azpikontratatzea erabaki zuen IMQk, eta garbiketa enpresa ugari pasa dira geroztik: Garbialdi, UNI2, eta GIZATZEN.

IMQk kaleratzeak egitearen arrazoia oso argia da: euren eskubideak defendatzen dituzten emakume kolektiboa izateagatik bota dituzte. Izan ere, IMQk berak aitortu du garbitzaileak 'garestiak' zaizkiola, urte askoan mobilizazioen eta bide judizialaren ondorioz euren lan baldintzak hobetu dituztelako (ez dezagun ahaztu 2020an IMQ taldeko akziodunek 13 milioi euro baino gehiago banatu zituztela dibidenduetan, eta hala ere, garesti zaie).

Kolektibo horren azken mobilizazio prozesua iazko apirilean hasi zen, gizonen eta emakumeen arteko desberdintasunari aurre egiteko, soldata arrakala deuseztatzeko negoziazioa zabaltzea eskatu zuten. Urrian ekin zieten mobilizazioei Zorrozaurre klinikaren aurrean, eta azaroaren 23an greba egingo zutela iragarri zuten. Bada, hori esan eta bi egunen buruan, urtarrilean kaleratuko zituztela jakin zuten.

Azkenik, Idoia Mendiak zuzentzen duen Lan Sailaren jarrera salatu nahi du ELAk, beste alde batera begiratu baitu. IMQren kaleratzeen atzea soldata arrakalaren aurkako borroka dago, eta bizkar ematen Lan Sailak erakusten du ez duela benetako konpromisorik hartzen soldata arrakala desagerrarazteko.