IMQko garbitzaileek manifestazioa jendetsua egin dute euren eskubideak defendatzeagatik kaleratu dituztela salatzeko

2022/02/18
Otsailaren 22an, asteartean, kaleratze kolektiboaren inguruko epaiketa egingo da Bilbon. ELAren ustez IMQk argi eta garbi urratzen ditu langile horien oinarrizko eskubideak, eta askatasun sindikalaren eta grebarako eskubidearen aurka egiten du.

Otsailaren 18an 48 egun bete dira IMQ klinikak Bilboko Zorrozaurre eta Virgen Blanca kliniketako garbitzaile guztiak, 90 langile, kaleratzea erabaki zuenetik. Hori dela eta, manifestazio jendetsua egin dute langileek zein ELAko kideek Bilbon, Abandoibarratik Zorrozaurreko IMQko klinikaraino.

Langile gehienak 10, 15, 20 eta 40 urte zeramatzaten zentro berean lanean, eta horietako batzuk klinikak berak zuzenean kontratatutako ziren. Ondoren, zerbitzua azpikontratatzea erabaki zuen IMQk, eta garbiketa enpresa ugari pasa dira geroztik: Garbialdi, UNI2, eta GIZATZEN.

IMQk kaleratzeak egitearen arrazoia oso argia da: euren eskubideak defendatzen dituzten emakume kolektiboa izateagatik bota dituzte. Izan ere, IMQk berak aitortu du garbitzaileak 'garestiak' zaizkiola, urte askoan mobilizazioen eta bide judizialaren ondorioz euren lan baldintzak hobetu dituztelako (ez dezagun ahaztu 2020an IMQ taldeko akziodunek 13 milioi euro baino gehiago banatu zituztela dibidenduetan, eta hala ere, garesti zaie).

Kolektibo horren azken mobilizazio prozesua iazko apirilean hasi zen, gizonen eta emakumeen arteko desberdintasunari aurre egiteko, soldata arrakala deuseztatzeko negoziazioa zabaltzea eskatu zuten. Urrian ekin zieten mobilizazioei Zorrozaurre klinikaren aurrean, eta azaroaren 23an greba egingo zutela iragarri zuten. Bada, hori esan eta bi egunen buruan, urtarrilean kaleratuko zituztela jakin zuten.

IMQk argi eta garbi urratzen ditu langile horien oinarrizko eskubideak, eta askatasun sindikalaren eta grebarako eskubidearen aurka egiten du. Horregatik, datorren asteartean, otsailaren 22an, justizia egitea espero du ELAk EAEko Auzitegi Nagusian, kaleratze kolektiborako aurreikusita dagoen prozeduran.

Azkenik, Idoia Mendiak zuzentzen duen Lan Sailaren jarrera salatu nahi du ELAk, beste alde batera begiratu baitu. IMQren kaleratzeen atzea soldata arrakalaren aurkako borroka dago, eta bizkar ematen Lan Sailak erakusten du ez duela benetako konpromisorik hartzen soldata arrakala desagerrarazteko.