LIMPIEZAS BRÓCOLI iruñea
Udalean garbiketarako azpikontratatutako enpresak kontziliatzeko eskubidea urratzen jarraitzen du

Iruñeko Udalak azpikontratatutako Limpiezas Brócoli enpresako langileek elkarretaratzea egin dute gaur Udaletxeko plazan, salatzeko enpresak ez duela betetzen 2023an epaian onartutako langile baten kontziliaziorako eskubidea, eta aldarrikatzeko “kontziliazioa eskubidea dela, ez pribilegioa”. Elkarretaratzea ELAk, LABek, CCOOk eta UGTk osatutako batzordeak deitu du.
Limpiezas Brócoli enpresa behartuta dago langile baten lan ordutegia doitzera, lana eta zaintza uztartu ahal izateko, hala agintzen baitu ELAk 2023an irabazi zuen epaiak. Ordutik, eta hura behin eta berriz ez betetzearen ondoren, 2024ko irailean, epaitegien bitartez eskatu zen hura betearazteko. Hainbat protesten ondoren, eta gaur arte, enpresak eta Udalak ez dute ezer egin langile horren eskubidea gauzatzeko.
ELAk enpresako zuzendaritzaren jarrera salatu du eta bere esku dagoen guztia egingo du kontziliaziorako eskubidea gauzatu arte. Era berean, Iruñeko Udalari eskatu dio bere erantzukizuna har dezala (Udalak azpikontratatutako langilea den heinean).