Jarraipen masiboa izan du Ibermatikako hirugarren greba egunak

2022/11/10
Jarraipen masiboa izan du Donostiako, Zamudioko eta Gasteizko Ibermatikako zentroetako (informatika enpresa) hirugarren greba egunak. Eroskin, Eusko Jaurlaritzan edo Segurtasun Sailean, guztiak Ibermáticaren bezeroak, grebaren jarraipena %100 ingurukoa da; Iberdrolan, berriz, ia %60koa. Era berean, beste enpresa txikiago batzuetan ere jarraipena osoa edo oso handia izan da. Mobilizazioetan ere parte hartze handia izan da. Azken egunetan zuzendaritzarekin hitz egin eta gero egiaztatu da zuzendaritzak ez dagoela akordioa lortzeko prest. “Gero eta baldintza atzerakoiagoak proposatzen dituzte, eta langileek erosahalmena galduko lukete”, salatu du ELAk.

Gainera, etorkizunean enpresaren %100 Ayesari saltzearen inguruko ziurgabetasun giroari gehitu behar zaio hitzarmenaren negoziazioaren blokeoak sortzen duen kezka; izan ere, negoziazio horretan enpresak adierazi du Ayesak Estatuko Aholkularitzen Hitzarmena aplikatu dezakeela.

Gauzak horrela, datozen egunetan erabakiko da, langile guztiekin batera, zein izango diren hurrengo mobilizazioak.