GIPUZKOAKO EHUNGINTZA ETA OINETAKOEN MERKATARITZA
Jarraipen zabala Estatuko hitzarmenaren aurkako azken bi greba egunetan
Gipuzkoako ehungintzaren eta oinetakoen sektoreko langileek hamaseigarren greba eguna egin dute probintziako hitzarmena defendatzeko. Beste behin ere, langileak kalera atera dira patronalari, ARTEri, estatuko hitzarmena ez aplikatzeko exijitzeko. Hilaren 4ko eta 7ko jardunaldien jarraipena zabala izan da, nahiz eta Gabonetan eta merkealdietan kontratazioak gora egin duen. Kate nagusien denda batzuk itxi dira grebaren ondorioz: Zara Home, H & M, Oysho, Tezenis, Intimissimi eta Mayoraleko bi denda, esaterako.
ARTE patronal berriak, ehungintzaren sektoreko marka handiek osatua, hala nola Inditex, H&M, Mango, Tendam Retail, Kiabi eta Primark, ehungintzaren eta oinetakoen merkataritzako estatuko lehen hitzarmenaren negoziazioa bultzatu zuen 2023ko uztailean. Harrezkero, hainbat negoziazio bilera egin dira, eta ELAk eskatu du Euskal Herria hitzarmenetik kanpo uzteko, baina patronalak ez du ontzat ematen.
Hego Euskal Herrian ARTE patronalaren estatuko hitzarmena aplikatuko balitz, antolaketa eta borroka sindikalari esker lortutako lan baldintzak jokoan egoteaz gain, probintzia hitzarmenen negoziazioa bera ere arriskuan egongo litzateke. ELAk iragarri du mobilizazioekin jarraituko dutela ARTE patronalak Euskal Herria Estatuko hitzarmenetik kanpo utzi arte.