MERCABILBAO

Jarraipen zabala izan du bi eguneko grebak

2023/11/20
Fruta, barazki eta banana biltegizainen hitzarmena urte hasieratik ari dira negoziatzen. ELAk argi utzi du hitzarmen berriak erosteko ahalmena bermatu behar duela indarraldiko urte guztietan.

ELAk positiboki baloratzen du atzo eta gaur Mercabilbaon egindako grebaren jarraipena hitzarmen duin baten alde. Ehun langile inguruk egin dute bat deialdiarekin, eta grebaren ondorioak modu anitzetan nabari izan da enpresan. Protestekin ELAk argi utzi dio patronalari bere proposamenak langileen soldatak KPIaren arabera eguneratzea barnebildu behar duela.

Gogorarazi behar da patronalak egindako eskaintza bakarrak proposamen atzerakoiak jasotzen dituela, hala nola malgutasuna handitzea, bajetan osagarria murriztea edo soldatak KPIaren oso azpitik berrikustea. ELA sindikatuak garbi du greba deialdiek aurrera jarraituko dutela patronalak KPIa bermatzen duen akordioa proposatu arte.