Jarraipen zabala izan du Gipuzkoako garbikuntza alorreko lanuzteak

2019/12/17
Gipuzkoako eraikinetako garbikuntza sektoreko 5.000 langile grebara deitu ditu ELAk abenduaren 17rako soldata arrakalaren aurka. Izan ere, %28ko aldea dago kale garbiketako eta eraikin eta lokalen garbiketako langileen artean, hau da, gizon eta emakumeen artean. Lehenak urtean 23.183 euro jasotzen ditu; bigarrenak, 17.784. Hau da, 5.401 euro. Mobilizazioak jarraipen zabal izan du.

6.700 lagun aritzen dira Gipuzkoako garbikuntza sektorean eraikinak eta lokalak garbitzen; horietatik 1.500ek baino gehiagok enpresa ituna dute. Gainontzekoei, 5.000 baina gehiagok, Gipuzkoako hitzarmena aplikatzen zaie. Garbikuntzan diharduten langile gehien gehienak (%85a) eraikin eta lokalen garbiketan dihardute; gainontzekoak, kale garbiketan. Emakumeak dira nagusi eraikin eta lokalen garbiketan –%80–, alde handiz. Berriz, kale garbiketan aritzen diren ia lagun guztiak gizonezkoak dira.