KUTXABANK

Jarraipen zabala izan du grebak

2023/02/24
EAEko langile gehienek egin dute bat eta ondorioz, bulegoen %90 baino gehiago itxi dituzte

Kutxabankeko plantillaren egoera jasanezina da. Hainbat dira egoera honetara eraman gaituzten arrazoiak, baina guztiek dute lotura komuna: Estatuko erakunde kaudimendunena den Kutxabank dagoen tokian egoteko, bere onena ematen duen plantillarekiko erakusten duen errespetu eskasa.

Plantillak egunez egun Kutxabankekin erakusten duen lotura eta konpromisoa presio eta lan-karga handiagoarekin ordaintzen da. Azken urteotan langile kopuruaren murrizketa izugarria izan da. Murrizketa hori ez da konpentsatu egindako kontratazio urriekin: 2014tik 2022ra bitartean, 293 bulego itxi dira, eta 1448 langile gutxiago daude. Egungo lan-kargak, plantillari ezartzen zaion presio komertziala eta lantoki askotako segurtasun falta zuzenean lotuta daude pertsona berriak ez kontratatzearekin. Langileak gaizki tratatuak sentitzen dira eta haserre daude.

Enpresak ez du egoera horietan sakondu nahi izan eta ez ditu arazo hauek beregain hartzen; beraz, gaur egun, langileen eskakizunak entzunarazteko eta arazo hauei aurre egiteko bide bakarra plantilla mobilizatzea da.

Enpresari eskatzen diogu entzun ditzala langileen aldarriak, eta har ditzala neurri erreal eta eraginkorrak egoera horri buelta emateko eta lan egiteko baldintzak hobetzeko, guzti honek ere, aldi berean, ematen den zerbitzua hobetu dezan.