Justiziak ELAri arrazoia eman dio eta enpresek bidaiarien garraioaren hitzarmena aplikatu beharko dute
Bilboko lan arloko epaitegiak onartu du ELAren demanda, eta ebatzi du UBER plataformari zerbitzua ematen dioten Ares Capital eta Moove Cars enpresetako langileei aplikatu beharreko hitzarmena Bidaiarien Garraioaren hitzarmena dela, sindikatuak defendatu bezala. Epai horrek Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren epai irmoa berresten du; enpresak ez zuen aplikatu nahi, "kasu partikularra" zela iritzita.
Uberreko langileek ia urtebete eman dute greban, lan baldintzetan hobekuntzak aldarrikatzeko. Lanbide arteko gutxieneko soldata jasotzen dute eta arautu gabeko lanaldiak dituzte: egunean 12 ordu baino gehiago lan egin dezaketen arren, 5 edo 6 ordu zenbatzen dizkie enpresak lan denbora gisa.
Egoera horren aurrean, sindikatuak 70 demanda indibidual jarri ditu enpresen kontra, egun jasotzen dutenaren eta Bidaiarien Garraioari buruzko Hitzarmenean araututako baldintzen arteko soldata aldeak erreklamatzeko. Hitzarmen horrek urtean 10.000 euro gehiagoko soldatak ezartzen ditu, plus gehiago eta 1.720 orduko lanaldia.
ELAk enpresei eskatzen die epaia aplika dezatela auzitegietan demandak jarri dituzten pertsonentzat ez ezik, bi enpresetako langile guztiei, eta hemendik aurrera lan baldintzak aipatutako hitzarmen probintzialaren bidez arautu daitezela.