Kiroldegietako langileen aurkako erasoen gorakada salatu du ELAk
Emtesporteko enpresa batzordeak (ELA, LAB, ESK, CCOO, UGT) salatu du Bilbao Kirolakeko udal kiroldegietan zerbitzua ematen duten langileek jasaten dituzten irain, mehatxu eta erasoak ugaritu egin direla. Batzordearen arabera, egoerak okerrera egin du udako hilabeteetan, eta “jasanezina” izatera iritsi da.
Adierazi duenez, monitoreek, sorosleek eta laguntzaileek ia egunero jasaten dituzte errespetu faltak. Horrek dakarren estres eta antsietate maila handiekin, bai lan esparruan, bai langileen bizitza pertsonalean.
Batzordeak salatu duenez, Emtesport enpresa emakidadunak “ez ditu behar adina baliabide jartzen” gertakari horiei aurre egiteko, eta erabakiak Bilbao Kirolaken esku uzten ditu. Udal erakundeari, berriz, leporatu dio “jokabide horiek gutxiesten” dituela eta zerbitzu araudian aurreikusitako zigorrak “arintzen” dituela; horren ondorioz, “erasoak errepikatzeko aukera” dagoela nabarmendu du.
Egoera horren aurrean, batzordeko sindikatuek eskatu dute Emtesportek, Bilbao Kirolakek eta Bilboko Udalak berehala neurri sendoagoak har ditzatela plantillaren segurtasuna bermatzeko eta eraso berriak saihesteko. Halaber, ohartarazi dute gertakari horiek salatzeko beharrezkotzat jotzen dituzten bideak aztertuko dituztela.
Sindikatuek elkarretartazea deitu dute uztailaren 28an, 12:00etatik 13:00etara eta 18:00-19:00tara Txurdinagako udal kiroldegiaren aurrean, egoera ikusarazteko eta konponbideakeeskatzeko.