Lan baldintzen estatalizazioaren aurkako grebak jarraipen zabala izan du
ELAk eta LABek deitutako grebak jarraipen zabala izan du gaur EAEko elikadura merkataritzaren sektorean, bereziki BM eta Dia supermerkatuetako langileen artean. Madrilen egiten ari den Akordio Estatalaren negoziazio mahaiaren testuinguruan egin da protesta; sindikatuen arabera, ASEDAS patronalak eta sektoreko enpresa handiek bultzatutako prozesu horrek negoziazio kolektibo propioa ahuldu eta lan baldintzak estatu mailara eramatea ekarriko luke.
Bizkaian hainbat Dia saltoki itxita egon dira, besteak beste Mungia, Errepelega, Zalla, Balmaseda eta Ermuakoak, baita Barakaldokoa ere goizean zehar. Horrez gain, Lideleko Berango, La Avanzada, Gernika, Galdakao Iurreta, Berango edo Amorebietako dendak itxita egongo dira. Araban Lideleko Iturritxu eta Armentiako dendak itxi egingo dira eta Gipuzkoan Amarako, Lezo eta Urretxuko dendak itxita egongo dira.
ELAk eta LABek salatu dute ASEDASek eta Mercadona, Lidl, Uvesco, Dia edo Coviran bezalako enpresek bultzatutako akordioak negoziazio kolektiboa esparru estatalera eramatea duela helburu. Horren ondorioz, soldatak, lanaldia eta gainerako lan eskubideak Madrilen erabakitzea ahalbidetuko litzatekeela diote.
Ekimen honek lan harremanen okertzean beste urrats bat suposatzen du eta arriskuan jartzen ditu gaur egun Euskal Herrian indarrean dauden hitzarmenak, baldintza hobeak bermatzen dituztelako. Horregatik, ELAk eta LABek berretsi dute negoziazio kolektiboa EAEko esparruan defendatzen jarraituko dutela eta ez dutela onartuko urteetako antolakuntza eta mobilizazioaren bidez lortutako eskubideetan atzerapausorik ekarriko duen akordiorik.