MERKAL CALZADOS (GIPUZKOA)

Lan ikuskaritzak ELAri arrazoia eman eta ebatzi du enpresak langileen greba eskubidea urratu duela

2024/09/30
Epaitegiek ere ebatzi dute Merkal Calzadosek ordu sindikalak ez dituela errespetatu.

Gipuzkoako Merkal Calzados enpresan 50 langile daude (ELAk bost ordezkari sindikal ditu) eta 130 greba egun egin dituzte enpresa akordioaren alde; hiru hilabete daramatzate greba mugagabean. Izan ere, 2009. urteaz geroztik dute hitzarmen sektoriala berritu gabe, eta 2019an indargabetu zen enpresakoa. Zuzendaritzak, ordea, entzungor egiten jarraitzen du. Hori bakarrik ez eta langileen greba eskubidea urratu du.

ELAk egoera salatu du bai Lan Ikuskaritzan, bai epaitegietan, eta biek ala biek arrazoia eman diote. Alde batetik, Lan Ikuskaritzak  onartu du Merkal Calzadosek grebalariak ordezkatu dituela; greba eskubidearen urraketa dena. Bestetik, ELAk maiatzean salatu zuen epaitegietan beste urraketa bat: enpresak  komiteko ordezkariari ordu sindikalen erabilpena ukatu egin zion langile baten baja kubritzeko aitzakiarekin. Epaitegiak ELAri arrazoia eman dio, eta agerian geratu da enpresaren jarrera antisindikala.

ELAk Merkal Calzadosi eskatzen dio langileen aldarriak aintzat har ditzala, eta langileen eskubideak errespeta ditzala. Izan ere, langileek garbi dute borrokan jarraituko dutela hitzarmen berri bat lortu arte.