BIZKAIKO OSTALARITZA

Lanaldi partzialeko aldizkako kontratu finkoei atea zabaldu diete LABek, CCOOk eta UGTk aurreakordioa sinatuta

2024/05/27
LAB, CCOO eta UGT sindikatuek akordioa lortu dute Bizkaiko ostalaritzako hitzarmenean, lanaldi partzialeko aldizkako kontratu finkoa baimenduko duena. ELAk uste du akats bat dela horrelako kontratuak sektorean baimentzea eta zabaltzea, aldizkako lanaldiak eta lanaldi partzialak arautzeko kontratu prekarioa delako.

Lan erreformak aldizkako kontratu finkoa ugaritzea ekarri zuen. Gogoratu behar da sektoreko hitzarmenen bidez adostu behar dela lanaldi partzialeko aldizkako finkoaren modalitatea. Hau da, alderdi negoziatzaileek adotu behar dute kontratu modalitate hori hitzarmenean sartzea. Bestela, ezingo da kontratu mota hori erabili.

ELAk uste du akats bat dela horrelako kontratuak sektorean baimentzea eta zabaltzea, aldizkako lanaldiak eta lanaldi partzialak arautzeko kontratu prekarioa delako. Izan ere, lanaldi partzialak orain aldizkako finko ere izango dira, eta beraz, enpresek nahi bezala joka dezakete. Esaterako, langile bati egunean 4 edo 5 orduko lanaldiak egiteko aukera izango dute enpresek, eta langileak prest egon beharko du dei hori jasotzeko. Hori guztia erabat feminizatuta dagoen sektore batean gertatuko da, gainera; pisuetako zerbitzarien moduko kolektiboei eragingo die bereziki.

ELAk deitoratu egin du lortutako akordioa, sektorearentzako hitzarmen duina lortzea posiblea zelako.