Lanbidearteko Akordioaren inpugnazioa salatzeko bilera izan du ELAk Elkarrekin-Podemosekin

2018/04/13
ELAk Lanbidearteko Akordioaren inpugnazioak EAEko langileengan izan dezakeen eragin lazgarriaz hausnartuko du alderdi politikoekin. Erronda honen baitan Elkarrekin-Podemosekin bilera egin du ELAk Legebiltzarrean. ELAren aldetik, Negoziazio Kolektiboko arduradun Pello Igeregi eta Zerbitzuak Federazioko idazkari nagusi Mari Cruz Elkoro izan dira; Elkarrekin-Podemosen aldetik, berriz, Jon Hernandez eta Edurne Garcia legebiltzarkideak.

Akordioaren inpugnazioa burutu duen FEADRS patronalaren helburua EAEn Estatuko Ostalaritza Hitzarmena aplikatzea da, eta, honen ondorioz, langile berriei soldata erdia ordaintzea eta urtean 70 lanordu gehiago egitera behartzea. Inpugnazioak bere osotasunean aurrera egingo balu, EAEko langileek Estatuko hitzarmen kaskarretatik babesteko tresna guztiak galduko lituzkete.

ELAk Elkarrekin-Podemosi helarazi dio honen aurrean bertoko alderdi politikoen babesa ezinbestekoa dela. Enpresa hauek, besteak beste, Eusko Jaurlaritzarekin kontratu handiak dauzkate, bereziki, Osakidetzarekin. ELAk uste du enpresa horiek ezin dutela euskal langileen zergekin negoziorik egin beren helburua langileak esplotatzea denean.

Horrez gain, ELAk jakinarazi du enpresa horietan apirilaren 24an greba egingo duela langile berrien aurkako diskriminazioen aurka, eta, horrez gain, mobilizazioak egingo dituela enpresa horiek inpugnazioa epaiketa aurretik bertan behera utz dezaten.