Langile gehienek bat egin dute Gipuzkoako Foru Aldundiaren eraikinetako garbitzaile azpikontratatuen grebarekin

Bilera batzuen ondoren, negoziazioa blokeatuta dago. EULENek, KPIarekin inolako loturarik egiteari uko egiteaz gain, 2021ean langileen soldata izoztea proposatu du. ELAren iritziz, jarrera hori onartezina da, are gehiago kontuan hartuta pandemia betean zerbitzua ematen jarraitzeaz gain, indartu ere egin dela.
ELAk deitoratu egin du patronalak soldatetan KPIarekin lotura egitea sektore maskulinizatuetan, feminizatuetan hori egiteari uko egiten dion bitartean. Hori da Aldundiaren mendeko eraikinak garbitzeko zerbitzuaren kasua, azpikontratatutako zerbitzua baita eta, gehienetan, emakumeek osatzen baitute.
Era berean, ELAk eskatu du Foru Aldundiak, zerbitzu horren arduradunak, zerbitzu horren konponbidean parte har dezala. Langile horiek Aldundiak berak hartutako erabaki politiko eta ekonomiko baten ondorioz daude azpikontratatuta, eta erabaki hori estrategia ekonomizista bati baino ez dagokio.