OSAKIDETZAK AZPIKONTRATATUTAKO GARBITZAILEAK
Langileek hitzarmenik gabe jarraitzen dute aurreakordioa sinatu eta zazpi hilabetera

Aurreakordioak murrizketa zuzenak ditu langileentzat: karrera profesionalaren ordainketa 6 urtetik 3ra pasatuko dela adostu da, eta horren ordainketa Osakidetzaren esku utzi dute. Gainera, kontuan izan behar da Osakidetzako langileen plantillak karrera profesionala kobratu zuela 2012, 2019, 2020. 2021, 2022 eta 2023 urteetan. Lan baldintzen homologazioa errespetatuko balitz, garbiketako langileek gauza bera kobratu beharko lukete.
ELAk erabaki zuen aurreakordioa ez sinatzea, ez zuelako aplikatzeko bermerik, eta gaur egun, zazpi hilabeteren buruan, hitzarmena sinatu gabe dago. Ondorioz, langileek ez dute oraindik karrera profesionala jaso.
Ulertezina da homologazioa defendatzen duten sindikatuek murrizketa horiek adostea. Murrizketa horien ondorioz, garbitzaileek Osakidetzako langileek baino gutxiago kobratzen dute, benetako homologazioari uko eginez. Guztia aplikazio bermerik gabe. Are gutxiago 136 eguneko grebaren ondoren, sinadurarekin sektorea desmobilizatuta.
Osakidetzako garbiketa zerbitzuko langileen egoera salatu nahi du ELAk, eta Eusko Jaurlaritzari, patronalari eta sindikatu sinatzaileei eskatu die erantzukizuna beren gain hartzeko eta dagozkien neurriak hartzeko.