Lanuzteak Bizkaiko DIAko Supermerkatuetan

2017/12/22
ELA eta LABeko ordezkari sindikalek Bizkaiko DIA supermerkatuetan greba-deia iragarri dute abenduaren 22 eta 29rako, kate horretako denda guztietako langileek dituzten lan-baldintza tamalgarriak salatzeko. Gabezien artean honako hauek aipatu daitezke: plantilla urriegia, lan-egonkortasunik eza, soldata ziztrinak (Bizkaiko hitzarmenetatik beherakoak), lan egiteko erritmo biziak, segurtasun pribaturik eza, lan-tresna eskasak (tirapaletak, eskailerak...). Hori dena langileen osasunaren kaltetan doa.

Ordutegiz eta dendaz aldatzeko aginduak etengabeak dira DIAko supermerkatuetan, eta aldez aurretik abisatu gabe, bajan dauden langileak ez dituzte ordezkatzen, ezta lanaldi-murrizketak ere (ondorioz aparteko orduak sartu behar dira, baina ez dituzte halakotzat onartzen), plantilla beti errotazioan dabil, eta lizentzia ordainduak desagertu dira lanaldi-gaindikinak bailiran. Horrela ezin dira kontziliatu familiaren, lanaren eta norberaren bizitzak.

Horregatik DIA supermerkatuetako langileek neurri jakin batzuk eskatu dituzte; besteak beste, plantilla ugaltzea, oporrak, bajak eta lanaldi-murrizketak ordeztea, lan-egutegiak benetakoak izatea eta betetzea. Hori guztia DIA supermerkatuetatik kanpora ere nork bere bizimodua izan dezan.