VERSIA PROCESOS OPERATIVOS (ELORRIO)
Lanuzteak hitzarmenaren defentsan

Versia Procesos Operativos enpresako langileek babes zabala eman diote lanuzteari. Enpresa hori 47 pertsonak osatzen dute, eta Eroskiren azpikontrata gisa jarduten du. Langileen ustez enpresak egindako proposamena ez da nahikoa, eta enpresak uzten dien aukera bakarra greba da. Urtarrilaren 30ean ere lanuzteak deitu dira.
Enpresak %1,8ko soldata igoera planteatu du 2025erako -negoziatzeko tarte handiagorik gabe-. Komeni da gogoratzea 2024ko KPIa Espainiako Estatuan %2,8 izan dela eta EAEn %3,6. Gainera, Versiak aintzinatasunaren erregularizazioaren aplikazioa, automatikoa izan beharko lukeena, proposatzen eta inposatzen duen proposamenarekin lotu nahi du.
Soldata igotzeko proposamenarekin batera, telelanaren sistema da kolektiboak ezinbestekotzat jotzen duen beste puntu bat. Eroski kooperatibako lankideek 8 egun dituzte hilean, eta Versiaren kasuan, berriz, enpresak uko egiten dio bi egun baino gehiago eskaintzeari.