ILUNION LAVANDERIA (BIZKAIA)

Lau greba egun egingo dituzte urrian

2023/10/02
Bizkaiko Ilunion Lavanderia enpresako langile batzordeak (ELA, LAB eta CCOO) hitzarmen berri baten alde mobilizatzea erabaki du eta lau greba egun deitu ditu urriaren 10, 11, 17 eta 18an.

Bizkaiko Ilunion Lavanderiako langileek lau greba egun egingo dituzte urrian zehar, hitzarmen berria lortzeko asmoz. Azken mahai negoziatzailea duela bi hilabete izan zen eta enpresak ez zituen inolako hobekuntzarik eskaini. 

Hitzarmen berriak KPIaren gaineko igoerak, behin-behineko ezintasunen osagarriak hobetzea eta urteko jardunaldia murriztea barnebildu beharko lituzkeela uste dute sindikatuek. Izan ere, Bizkaiko Ilunion Lavanderia enpresako langileek urteak daramatzate gutxieneko soldata jasotzen eta bestelako lan baldintza prekarioetan. 

Enpresaren blokeoaren aurrean, aho batez erabaki dute langileek mobilizatzea. Lau greba egun horiez gain, beste kontzentrazio bat egingo dute datorren urriaren 3an, 13:30tik 14:30ak arte, Lemoako lan zentroan.

Ilunion Lavanderiak Lemoan du lan zentro nagusia, eta Bilboko Basurtoko ospitalean eta Misericordia erresidentzian ere langileak ditu. Guztira, 120 langile ditu Bizkaian, eta hotelak zein ospitaleak hornitzen dituzte.