Bizkaiko ostalaritza
Laugarren greba egunak jarraipen zabala izan du, batez ere, kolektibitateen sektorean eta hoteletan

Aurreko egunetan bezala, Bizkaiko ostalaritzako hitzarmena defendatzeko laugarren greba egunak jarraipen handia izan du, batez ere kolektibitateen sektorean eta hoteletan. Hitzarmen hori 2020tik dago iraungita, eta 25.000 langile ingururi eragiten die, ordutik ez baitute adostutako soldata igoerarik izan. Kolektibitateei dagokienez, grebak itunpeko sareko hainbat ikastetxeri eragiten die, baita sukalde zentralei, enpresei eta eguneko zentroei ere, hala nola, Sidenor edo Tecnalia edo San Rokeko eguneko zentroari (Portugalete), besteak beste. Egindako grebei esker, aurrerapen txikiak izan dira negoziazio mahaian, baina oraindik adostu gabeko hainbat elementu daude: urte hauetan galdutako KPI, lanaldiaren murrizketa, lanaldiaren erregistro elektronikoa, edo hitzarmen honetan EAEko kolektibitateen sektorerako hitzarmen autonomiko bat negoziatzeko aukera irekitzea, besteak beste. Hurrengo bilera urriaren 31n izango da.
Bestalde, Bizkaiko hotelek ere grebaren ondorioak jasango dituzte, adibidez, Ercilla, Miro, Mercure, Petit Arana hoteletan... edo Bizkaiko hainbat hoteletako pisu-zerbitzarietan. Greba deialdiak Loiuko aireportuko kafetegietan ere izango du eragina, aurrekoan egin zuten bezala.
Hurrengo greba eguna bihar izango da, urriaren 12an.