EAE jantokiak eta sukaldeak

Eratu da sektoreko hitzarmena EAEn negoziatzeko lehen mahaia

2025/09/04
Sektorean 11.000 pertsona baino gehiago daude, eta ELA da sindikatu nagusia. Lehen aldiz lortu da kolektibitateen negoziazioa Estatutik EAEra lekualdatzea. Hurrengo bilera irailaren 17an izango da. ELAk sektorean lan egiten duten pertsona guztiak parekatzea eskatu du.

Sektorean 11.000 pertsona baino gehiago daude, eta ELA da sindikatu nagusia. Lehen aldiz lortu da kolektibitateen negoziazioa Estatutik EAEra lekualdatzea. Hurrengo bilera irailaren 17an izango da. ELAk eskatu du sektorean lan egiten duten pertsona guztien lan baldintzak parekatzea.

Gaur, irailak 4, lehen aldiz eratu da kolektibitateen negoziazio mahaia, sektorean EAErako hitzarmen bat negoziatzeko. ELAk, sektorean gehiengoa duen sindikatuak, bultzatu duen aldarrikapen historikoa da: sektore horretako negoziazio kolektiboa autonomia erkidegoan negoziatzea, eta ez Espainiako Estatuan. Azkenean lortu da, hainbat urtetako gatazka juridiko eta sindikalen ondoren.

Sindikatuak argi du urrats hori ezinbestekoa dela eskola-jantoki itunduetan eta pribatuetan, erresidentzietan, ospitaleetan eta industria enpresetan lan egiten duten pertsonen (5.000 pertsona baino gehiago) lan baldintzak erregularizatzeko. Helburua ikastetxe publikoetako langileekin parekatzea da. Hau da, beharrezkoa da ostalaritzako estatuko sukaldaritza hitzarmena edo EAEko lurralde hitzarmenak aplikatzen zaizkien pertsonen baldintzak Kudeaketa Zuzenekoarenarekin parekatzea. Era berean, ELAren ustez, beharrezkoa da lanaldi partzialeko aldizkako finkoaren figura arautzea. Figura hori oso zabalduta dago behin-behinekotasuna eta partzialtasuna nagusi diren sektorean.

Patronalei dagokienez, Euskadiko Ostalaritza Federazioak eta Estatuko Food Servicek parte hartu dute bileran. Azken hori Estatuko negoziazioaren alde agertu da.

Mahaia eratu ondoren, hurrengo bilera irailaren 17an egitea erabaki da.