HONDARRIBIKO UDALA

Lorezain azpikontratatuek hitzarmen berria sinatu dute, borroka eredugarri baten ostean

2025/11/13
Lorezain azpikontratatuek hitzarmen berria sinatu dute, borroka eredugarri baten ostean
UTE Hondarribia Lorazaintzako bost lorezainek, Hondarribiko Udalaren lorazaintza lan azpikonratatuak egiten dituztenek, 26 eguneko grebari amaiera eman diote, duela bi urte baino gehiago beraiek irabazitako hitzarmen kolektiboa aplikatuko dela bermatzen duen akordio berri bat lortu ondoren.

Hala ere, garaipen berri honek errealitate garratz bat ekarri du: langileek berriz ere grebara jo behar izan dute, 2023an aurreko enpresarekin bederatzi hilabeteko borroka gogorraren ostean lortutako lan baldintzak defendatzeko.

Ahalegin hura grebaren amaierako akordio batekin amaitu zen 2023ko abuztuan, eta zailtasunak zailtasun, 2024ko uztailean hitzarmen kolektiboa formalki erregistratu zen lan delegaritzaren aurrean. Hala ere, haren aplikazioa kontratu administratibo berri baten hasierari lotuta geratu zen.

2025eko uztailean UTE Hondarribia Lorazaintzarekin kontratu berria indarrean sartu zenean. ordea, adierazitako baldintzak ez ziren aplikatzen. Enpresarekin eta Udalarekin egindako bileretan aurrerapenik eta konpromiso sendorik ez zenez egon, zortzi langiletatik bostek grebara jotzea erabaki zuten urriaren 16an, berriro ere euren determinazioa eta batasuna erakutsiz.

Azaroaren 10ean, 26 eguneko grebaren ondoren, greba amaierako akordio berria sinatzea lortu zen, hitzarmena osorik aplikatuko dela bermatzen duena, uztailaren 10etik atzeraeraginez. Azaroaren 13an enpresa berriarekin hitzarmen kolektiboa bera sinatu da formalki, erregistratua eta publikatua izan dadin.

ELAk zorionak eman nahi dizkie langileei, indar kolektiboaren adibide bikaina eman dutelako, eta gogorarazi nahi du borrokatu gabe ez dela hobekuntzarik lortzen.