Mercadonak ez ditu betetzen Osasun Ministerioak emandako irizpideak Koronabirusaren zantzuak dauden kasuetan

Beraz, legeak argi dio Mercadonako prebentzio zerbitzuak ez daukala inongo eskumenik diagnostikorik egiteko, ezta kutsatuta egon daitezkeen langileak artatzeko ere, nahiz eta praktikan, hala jokatzen ari den. “Beste behin ere, Mercadonak arriskuan jartzen ditu langileak bere prebentzio zerbitzua eta zerbitzu medikoa erabilita horretarako eskumenik izan gabe”, salatzen du ELAk.
Hau ez da, ordea, ELAk Mercadonako zuzendaritzari egiten dion kritika bakarra. Sindikatuak langile gehiago kontratatzea eskatu du, une honetan beharginek pairatzen duten lan erritmo altuak orekatzeko. Ildo beretik, lan egutegian aldebakarrez inongo aldaketarik egin behar badu, legeak agintzen duen prozedura aplikatuz gauzatzea eskatzen dio.
ELAk gogorarazi duenez, martxoaren 13an, langileek egoera bereziki zaila bizi zutenean eta Mercadonan inongo protokolorik aplikatzen ez zenean, langileen osasuna bermatzeko neurri zehatzen zerrenda bidali zion ELAk supermerkatuetako zuzendaritzari. Enpresak onartu zituen neurri horiek. Besteak beste, honako hauek ziren: sartu daitekeen gehienezko jende kopurua ez gainditzea; segurtasunaz arduratuko ziren langileak kontratatzea; eskularruak, gelak eta maskarillak entregatzea (prebentzio zerbitzua honen kontrako agertu bazen ere); desinfektatzeaz arduratuko ziren garbikuntzako enpresak kontratatzea; lehenengo egunetik ordaindutako lizentziak haurdun dauden emakumeentzat eta arriskuan egon daitezkeen langileentzat; eta agindutako distantzia errespetatzeko zintak jartzea lurrean.
Gaur egun, ordea, enpresak kontrako norabidea hartu du. Aurre egiten dioten ELA (edo CIG Galizian) bezalako sindikatuekin harremanak apurtu ditu Mercadonak; horren ordez, lerrokatuta dituen sindikatuak erabiltzen ditu langileen osasunaren defentsan lanean ari diren ELAko delegatuen kontra jotzeko.