Mobilizazio kanpaina arrakastatsua, Bizkaiko garbiketa sektorean soldata arrakala amai dadin eskatzeko

2021/12/22
ELA, LAB eta ESK berriro mobilizatu dira Bizkaiko garbiketaren sektorean soldata arrakalaren amaiera eskatzeko kanpainaren baitan. Abenduaren 22koa urteko azken mobilizazioa izan da; manifestazio batek batu ditu Indautxu Plaza eta IMQ Zorrozaurre.

ELAk oso positibotzat jo ditu azaroan eta abenduan Bizkaia osoan egindako mobilizazioak. Hauek izan dira aldarrikapen nagusiak: alde batetik, sektoreko langileentzat 1.200 euroko soldata bermatzea, 15 ordainsaritan; bestetik, soldata arrakala desagertzea.

Mobilizazio hauek agerian utzi dute garbiketaren sektorearen antolaketa gaitasuna eta lan baldintzak hobetzeko beharra. Egindako mobilizazioak abiapuntu bat baino ez dira izan, eta 2022an jarraipena izango dute.

Era berean, IMQk Zorrotzaurreko eta Andre Maria Zuriaren ospitaleetan 90 langile kaleratzeko hartutako erabakia salatu dute langileek gaurko manifestazioan. 85 emakumez eta 5 gizonez mintzo gara, askok 40 urte arteko antzinatasuna dutenak. IMQk beste garbiketa plantilla bat kontratatu nahi du urtarrilaren 1etik aurrera, argudiatuz langile berriak kontratatzea merkeagoa eta errentagarriagoa dela, antzinatasunik gabe, plusik eta hobekuntzarik gabe.