BIZKAIKO ALDUNDIKO GARBIKUNTZA
Mobilizazioa azpikontratatutako garbitzaileen soldata ekiparazioa eskatzeko

Optima enpresa azpikontratatuta du Aldundiak, eta zuzeneko langileek baino %36 gutxiago kobratzen dute Optimako garbitzaileek, nahiz eta lan bera egin eta lan karga handiagoa ere izan. Horregatik, grebalariek eskatzen dute euren soldatak pareka daitezela Aldundiko langileen soldatekin. Enpresak, ordea, lehentasuna ematen dio enpresaren irabaziei eusteari, plantillaren lan baldintzen kalterako, eta negoziazioa blokeatzen ari da.
Bizkaiko Foru Aldundiak ere muzin egiten dio negoziazioetan parte hartzeari, bera izanagatik ere kontratua egiten duena. Gainera, barne komunikatua igorri die bere langileei zera eskatuz: greba egunetan lantokia ez zikintzeko janaria ez eramatea, eta animatu ditu grebaren ondorioak arintzeko beharrezkoa dena garbitzera. Hori dela eta, langileek propio sardina jana prestatu dute, eta langileen artean banatu.
Bizkaiko Foru Aldundiaren jarrerak agerian uzten du bere arduragabekeria, eta ez du nahi inolako erantzukizunik hartu, nahiz eta bera izan zerbitzua kontratatzen duena. Langileek beste hiru greba egun egingo dituzte datorren astean, martxoaren 19an, 20an eta 21ean.