ELIKAGAIEN MERKATARITZA

Mobilizazioak egin dituzte tokiko hitzarmenak defendatzeko

2026/06/17
Mobilizazioak egin dituzte tokiko hitzarmenak defendatzeko
Patronalak eta banaketa kate handiek bultzatutako ekimenak Hego Euskal Herriko Elikagaien Merkataritzan adostutako lan baldintzak mehatxatzen dituela salatu dute ELAk eta LABek.

Langileek mobilizazioak egin dituzte Hego Euskal Herriko lau lurraldeetan elikagaien merkataritzako hainbat establezimenduren aurrean, Madrilen Elikagaien Merkataritzarako Estatuko Esparru Akordioa negoziatzeko mahaiaren eratzea salatzeko. Sindikatuen ustez, ekimen horrek bertako negoziazio kolektiboaren aurkako erasoa dakar, baita Euskal Herrian lortutako lan baldintzen aurkakoa ere.

Negoziazio mahaia ASEDAS patronalak sustatu du, sektoreko banaketa kate handiekin batera, hala nola Uvesco, Lidl, Dia, Mercadona edo Coviran enpresekin. ELAk eta LABek salatu dutenez, akordio horren helburua da lan harremanak estatu mailan zentralizatzea , lurraldeko eta probintzietako hitzarmenen edukia hustuz eta Hego Euskal Herriko hitzarmenetan jasotako soldata eta lan baldintzak okertzeko arriskua ekarriz.

Egoera horren aurrean, bi sindikatuek bertako hitzarmenen blindajea, Euskal Herriko gehiengo sindikalaren errespetua eta lurralde esparruko negoziazio ahalmena aldarrikatu dituzte. Halaber, lan baldintzak Euskal Herrian erabakitzeko beharra eta negoziatzeko eskubidea defendatu dute.