DONOSTIA OSPITALEKO GARBIKUNTZA

Optima garbikuntza enpresak ez ditu langileen zein garapen profesionalaren akordioak betetzen

2024/07/08
Donostiako Ospitaleko garbitasun zerbitzuaren esleipena duen Optima enpresak kontratua uzteko erabakia hartu du. Kontratua 2024 urte amaierara artekoa da, baina Ospitaleko zerbitzua lehenbailehen uzteko asmoa duenez, ez ditu akordioak betetzen. Ondorioz, lan kargak gehiegizkoak dira, materiala falta da, nominak gaizki ordaintzen dituzte, edota garapen profesionala jaso gabe daude langileak.

Lan kargei dagokionez, gogora dezagun 2017an akordio bat lortu zela gutxieneko langile kopuruei buruz. ELAk eskatu du akordio hori berritzea, egungo beharretara egokitzeko. Enpresak, ordea, uko egin dio, eta aldebakarrez erabaki du bajak edo bestelako hutsuneak ez betetzea. Ondorioz, lan hori beste langileen artean banatzen da edo lana egin gabe geratzen da. Egoera horrek okerrera egingo du uztailean eta abuztuan, oporrak direla medio.

Bestetik, enpresak garapen profesionala ez ordaintzeko erabakia hartu du. 2024ko ekainera arteko epemuga ezartzen zuen hitzarmenak kopuru horiek ordaintzeko, eta ordainketa adosten zuen aurrekordioa sinatu zenetik urtebete igaro den arren, Optima enpresak ez du ordainketarik egin.

ELAren iritziz, bereziki deigarria da hori Donostiako Ospitalean gertatzea, iaz ELAk garapen profesionalaren errekonozimendurako deitutako grebak oihartzun handia izan baitzuen bertan.

Bestalde, Osakidetzari behin baino gehiagotan jakinarazi zaio egoeraz. Horregatik, ELAk uste du Osakidetza ere badela egoeraren erantzule, neurririk hartzen ez duen heinean.