OSAKIDETZAKO GARBITZAILEAK
Osasun publikoko garbiketa zerbitzuaren negoziazioa blokeatzen jarraitzen dute enpresek eta Osakidetzak

Martxoaren 16an Osakidetzaren garbikuntza sektoreko 51. negoziazio bilera egin da Bilboko Lan Harremanen Kontseiluan (LHK). ELAko garbitzaileak greban daude otsailaren 27tik. Bileran ez da inolako berritasunik planteatu karrera profesionalari buruz eta ELAk planteatzen dituen hobekuntza aldarrikapenen inguruan ere ez dago proposamenik: txanda kontratua arautzea, lan kargak konpontzea, plantillak hobetzea zentroetan, ospitalez kanpoko zentroetan ospitalizazio plusa ordaintzea... Mahaia erabat blokeatuta dago.
Sindikatuek enpresei proposatu diete elkarrekin idazki bat bidaltzea Osakidetzako kontratazio zerbitzuko departamentura, karrera profesionala ordaintzeko eskatuz. Egun horietan, dokumentua LHKren bidez bidaliko da.
Langileek argi dute gatazkaren konponbidea ez dela gutxieneko zerbitzuak zabaltzean oinarritzen, ezta poliziaren boterea kolektiboa beldurtzeko erabiltzean ere; alternatiba bakarra mobilizazioa da. Horregatik, apirilaren 3ra arte luzatuko da greba.