Bizkaiko kiroldegiak
Greba deitu dute otsailaren 6rako hitzarmenaren negoziazioan aurrerapausorik eman ez delako
Bizkaiko kiroldegietako 2.000 langileak grebara deituta daude otsailaren 6an, 2022an iraungi zen hitzarmena berritzeko. Egun horretan bertan manifestazioa egingo da Bilbon. Urtarrilean zehar egindako lanuzteek jarraipen zabala izan dute, eta langileen % 90ek parte hartu dute. Hala ere, hitzarmena berritzeko negoziazioetan ez dira aintzat hartu langileen eskaera nagusiak, beraz, mobilizazioak indartzea erabaki dute. Atzo, urtarrilaren 31n, beste negoziazio bilera bat egin zen patronalarekin. Guztira, 16 bilera egin dira azken urtean, baina ez dute fruiturik eman. Kontuan izan behar da sektorearen baldintzak prekarioak direla: partzialtasuna ohikoa da; soldatak baxuak dira eta ez da erosahalmena bermatzen; ordutegi aldaketak etengabeak dira; asteburuko plusik gabe aritzen dira askotan; prestasuna eskatzen zaie; eta kontziliazio arazoak dituzte... Gainera, udalek gero eta aurrekontu txikiagoak dituzte kirol zerbitzuetarako, eta hori lan baldintzetan islatzen da.
Horregatik guztiagatik, ELAk (sektoreko ordezkaritzaren % 49,23 du) grebarekin bat egiteko deia egin du, negoziazioa desblokeatzeko eta hitzarmen on bat lortzeko.