Soldata arrakalaren aurkako lanuztea egingo dute Gipuzkoako garbikuntzako langileek abenduaren 17an

Gipuzkoako eraikin eta lokalen garbikuntzaren sektorean 6.700 langile inguru daude. Horietatik 1.500 inguruk enpresa-hitzarmenak dituzte, eta, beraz, 5.000 langile inguru dira Gipuzkoako eraikin eta lokalen garbikuntzako hitzarmenaren negoziazioaren eraginpean daudenak. Lurralde bereko kale-garbiketarekin alderatuta, sektore honetan soldata-arrakala %28koa dela azaldu du ELAk. Egoera honen aurrean, lanuztea deitu du abenduaren 17rako.
Bi sektore hauen artean, funtsean, lau desberdintasun daude:
- Batzuek eremu publikoak garbitzen dituzte, eta besteek eremu ikusezin eta pribatuak.
- Eraikin eta lokaletako garbikuntzan, langileen erdiak baino gehiagok lanaldi partzialeko kontratuak dituzte, eta egiten diren kontratu berrien %90 lanaldi partzialekoak dira; kale- garbiketaren sektorean, berriz, partzialtasuna %15 ingurukoa da.
- Sektore bateko kide gehienak gizonak dira, eta bestea, berriz, emakumeek osatzen dute, eta aurrenekoak antzeko lana egitearren soldataren % 28 gehiago jasotzen dute.
ELAren aburuz ELAk ulertzen du emakume horiek pairatzen duten soldata-arrakala Euskal Herriko agenda politikoaren lehen planora pasatu behar dela, eta hori lortzeko borrokatuko dugu.
Urtebete negoziatzen eman ondoren, Eraikin eta lokalen garbikuntzako Gipuzkoako hitzarmena mahaian, patronalak ez du soldata-arrakalaz hitz egin nahi. Erabat ukatzen du soldata-arrakala eta, beste behin ere, langile horien egoera ikusezin bihurtzen du. Ez du ezta kontuan hartzen, kolektibo honek %10 inguruko erosmeen- ahalmena galdu duela.
ELAk soldata arrakalaz haratago, sektorearentzat oso garrantzitsuak diren beste klausula batzuk proposatu ditu:
- Absentismoarengatik kaleratzeko debekua. Sektore honetan baja asko izaten ditugu ohiko gaixotasunengatik, eta hauek sarritan gaixotasun profesionaletatik eratorriak izaten dira, nahiz eta gaixotasun profesionaletako zerrendan jaso ez.
- Bestalde, aipatu dugun bezala, sektorearen gehiengoak oso lanaldi txikiak ditu, eta hori hobetzeko egiten diren ordu konplementarioen %50a kontsolidatzea eskatzen dugu, lanaldiak handitzeko helburuarekin
- Azkenik, berdintasun planen inguruko klausula mahaigaineratu dugu. Sektore feminizatu honetan oso garrantzitsua iruditzen zaigu bertako berdintasun planak adostea, baita estatu mailako inplementazioa duten enpresetan ere.