SOS Deiakeko eta Trafikoko langileen manifestazioa Bilbon, haien prekarietatea salatzeko

112 larrialdi zerbitzua (Sos Deiak) eta Trafikoa (011) kalera atera dira zerbitzu horietarako lan-baldintza duinak eskatzeko. Zerbitzu publikoak eta funtsezkoak dira, diru publikoz kudeatzen direnak; Eusko Jaurlaritzak urteak daramatza zerbitzu hauek azpikontratatzen. San Mamesetik Eusko Jaurlaritzara manifestazioa egin ondoren SOS Deiakeko eta Trafikoko langileek elkarretaratzea egin dute Eusko Jaurlaritzak Bilbon duen egoitzaren aurrean.
ELAk pertsona horien lan-baldintzak salatu ditu: 1.000 euro inguruko soldatak; txanda-plusik kobratu gabeko gau-txandak; subrogaziorik eta lan-egutegi indibidualizaturik gabeko txandak; urteko 365 egunetan egunean 24 orduz lan egitea; grebarako eskubiderik eza... Eusko Jaurlaritzak du lan-baldintzak aldatzeko ahalmena, eta, horretarako, gaur egun idazten ari diren baldintza-agirietan islatu behar ditu.