Sukaldaritzako patronalak Akordio Interprofesionala inpugnatu du

2018/03/22
ELAk euskal administrazioei gure Akordioa inpugnatu duten enpresekin kontratatzeari uztea galdegiten die, kontuan izanik bere asmoa kontratazio berrien soldatak %50ean murriztea dela. Enpresa hauek neurri handi batean kontratu publikoen kontura bizi dira eta gure zergekin ez dugu bere lan-esplotazioa babestu nahi.

Estatuko ostalaritzako patronalak (FEADRS) ELA, LAB, CCOO eta UGTk CONFEBASKekin sinatutako Akordio Interprofesionala inpugnatzea erabaki du. Gogoratu behar dugu akordio horren baitan EAEko gure hitzarmen kolektiboek Estatukoekiko lehentasuna dutela. FEADRSek Akordio Interprofesionala inpugnatzea erabaki du CCOO eta UGTren bitartez Ostalaritzako Akordio Markoa indargabetzeko estrategiak porrot egin ondoren. Patronal honen asmoa, CCOO eta UGTk bezala, Estatuko Ostalaritzako Akordioari lehentasuna ematea da, eta honek sektoreko kontratu berrietan soldatak %50ean murriztea suposatuko luke.

ELAren iritziz inpugnazio hau oso larria da eta euskal alderdi politikoei EAEko langileek bere lan baldintzak negoziatzeko duten gaitasuna defenda dezaten dei egiten die. Gogorarazi nahi dugu Zapateroren lan erreformak ireki zuela negoziazio kolektiboa estatalizatzeko aukera eta erreforma hau Espainiako Gobernuak EAJren abstentzioarekin onartu zuela. Ondoren, ELA hitzarmenen estatalizazioari buruzko bere ardura Urkullu Lehendakariarekin konpartitzen saiatu zen eta honek ELA hartzeari uko egin zion. Espainiako Gobernuarekin izandako negoziaketetan lan-baldintza duinak defendatzea ez da inola ere lehentasuna izan. Euskal administrazioek estatuko hitzarmenen erabilera ikustea besterik ez dago gai honi ematen zaion garrantzia ikusteko.

ELAk euskal administrazioei langileen lan baldintzak %50ean murrizteko prest dauden enpresei berarekin kontratatzeko zilegitasuna ukatzea eskatzen die. Are gehiago, kontuan izanik sektore honetan ari diren langileen gehiengoa emakumeak direla, erabateko hipokresia irudituko litzaiguke bide honen bitartez gizon eta emakumeen arteko soldata arrakala zabaltzea, era berean, ustez arrakala honekin amaitzeko elkarrizketa sozialeko foroak irekitzen direnean.

Edonola, Akordio Interprofesionalaren inpugnazioak ostalaritzaz haraindi ondorio izugarriak dauzka, Estatuko Hitzarmenak aplikatzeko bidea irekitzen du, kasu gehienetan EAEko lan-baldintzak modu garrantzitsuan okertzen dituzten hitzarmenak, hain zuzen. Horregatik, ELAk Legebiltzarreko taldeekin bilerak izan nahi ditu eta alderdi ezberdinen babesa jaso nahi du enpresari elkarte krudel hauen aurrean.